Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elorrio

Bizkaiko ekialdeko udalerria (Durangaldea eskualdea). Mugak: iparraldean Zaldibar eta Berriz, ekialdean Elgeta eta Bergara (Gipuzkoa), mendebalean Abadiño eta Atxondo, eta hegoaldean Arrasate (Gipuzkoa). 37,38 km2. 1997ko datuen arabera, 7.242 biztanle ditu (elorriarrak), aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago. Auzoak: Berrio-Aldape, Berriozabal-Arabios, Gazeta, Gaztaineta, Iguria, Leitz-Miota, Lekerika, Mendraka eta San Agustin. Ibaizabal ibaia igarotzen da udalerritik. Mendi garaiek inguratzen dute Elorrio: Udalaitz (1.092 m), Erdikoatxa (1.002 m), Atxaurrutxugane (1.030 m). Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 4.085 euskaldun, 882 ia euskaldun eta 2.254 erdaldun. Industria da ekonomia jarduera nagusia (metalak, tresneria, lanabesak). Gaur egun nekazaritzak ez du behinola zuen garrantzia.  v  Artea. Monumentu ugari ditu Elorriok, garai askotakoak. Argiñetako San Adriango ermitatik hurbil, K.o. IX. mendeko hogeita lau hareharrizko hilobi eta bost hilarri aurkitu ziren. 823. urteko data ageri da horietako hilobi batean. Ermitak: Gazetako Andra Mari, Mendrakako Santo Tomas, San Esteban Lehen Martiriaren eliza, San Roke, Arginetako San Adrian, Miotako San Bartolome, Berriozabalgo Santa Katalina. Elizak: Etxebarriako San Agustin eliza (XI. m.), Andre Mariaren Sorkunde eliza (XV. m.). XVI. mendeko gurutzeak: Santa Ana plaza, Iguria, Santa Helena, San Joan Bataiatzailearen kalea, Murua, Urarka kalea eta Elexpurukoa. Oinetxeak: Arespakotxaga, Amileta, Casajara, Urkizu, Lekerika, Lariz, Esteibar, Belarroa, Iturri. Dorretxeak: Urkizukoa, Berriokoa, Ibarrakoa.  v  Historia. Gaur egungo Elorrioko eremuan aspaldidanik bizi izan da jendea. VIII-IX. mendeetatik aurrera, Argiñetako monasterioa izan zen inguru hartako gune garrantzitsuena, bertan aurkituriko hilobiek aditzera ematen dutenez. Argiñetako monasterioa Durangaldeko konderriaren barne zegoen. Elorrioko hiribilduak sei ate zituen. Tello Kondeak sortu zuen 1356. urtean, inguru hartako nekazariak gipuzkoarren erasoetatik babestearren. Elorriok bere lekua zuen, hiri gisa, Gernikako Batzar Nagusietan. Ahaide Nagusien arteko gatazken garaian (XIV-XV. m.), oso gudu gogorrak izan ziren (1468). 1630. urtean San Agustingo elizatea Durangoko merindadetik bereizi eta Elorriorekin bat egin zuen. Azken Gerra Zibilean, Francoren hegazkinek bonbardatu zuten Elorrio 1937ko martxoaren 31n, eta apirilaren 24an sartu ziren karlistak herrian.