Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

eklipse

iz. Argizagi baten estaltzea, haren eta begiaren artean tartekatzen den beste argizagi batek eragina.  v  Astr. Eklipse mota asko dago, baina bi dira nagusiak: lehenengoa, argizagi estaltzailea ikuslea eta estaliko duen gorputzaren artean jartzen denean, eta bigarrena, argirik ez duten planeta eta sateliteei dagokiena, gorputz estaltzailea Eguzkiaren eta estaliko duen gorputzaren artean jartzen denean, era horretan Eguzkiak ematen dion argitasuna galarazten diolarik. Bigarrena ere ikusle baten aurrean gertatzen da, baina Eguzkiaren argia eten egiten denez gero, gorputz estaltzaileak iluna sortzen du. v Eguzki eklipsea. Eguzkiaren eta Lurraren artean Ilargia tarteratzen denean sortzen da, eta, kontuan harturik hiru argizagi hauen neurria eta berauen arteko tartea hiru Eguzki eklipse mota daude: lehenengoa, eraztun eklipsea, eguzki eklipsearen unerik gorenean Ilargia Eguzkiaren zirkuluan sartu ondoren, erabat estali ezinean, sortzen den eguzki-eraztuna. Bigarrena, eklipse osoa, Ilargiak Eguzkia erabat estaltzen duenean, eta hirugarrena, zatikako eklipsea, Ilargiak Eguzkiaren zati bat estaltzen duenean. Eguzki eklipseak 8 min inguru irauten du, eta urtean 2 izaten dira gutxienez. Bestalde, eklipse osoak oso baliagarriak izan dira azterketa zientifikoak egiteko, Eguzkiaren kromosfera eta koroa ikertzeko batez ere. v Ilargi eklipsea. Eguzkiaren eta Ilargiaren artean Lurra tartekatzen denean gertatzen da. Gehienez 3 ordu t´erdi iraun dezake, baina ordu t’erdiz besterik ez da erabatekoa izaten. Ilargi betea denean bakarrik eta urtean bitan gerta daiteke, baina zenbait urtez bat ere ez da izaten. Bi Ilargi eklipse mota daude, Ilargiaren egoeraren arabera: eklipse osoa eta zatikakoa. Ilargia Lurraren itzalaren erdi erditik igarotzen bada erabatekoa izaten da, eta Ilargiaren zati bat igarotzen bada Lurraren itzaletik, zatikakoa.