Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ekloga

(Gr. ekloge; Eusk. «aukera») Bizantzioko lege bilduma, 726. urtean Leon III.a enperadoreak egina, bere izenean eta Konstantino bere semearenean. Bizantzioko lege lan handiena da, Justinianoren Kodearen ondotik (VI. mendea). Legeak grekoz zeuden idatzita, ohiko latinaren ordez, jende gehiagok irakur zitzan eta epaileek erraz erabil zitzaten. Erromako legean oinarritzen bada ere, legedi honek zenbait gauza aldatu egin zituen «gizatasun handiagoa» emateko, eta kristautasunaren hastapenen argitan. Legedi zibilean, zabaldu egin zituen emakumeen eta haurren eskubideak, eta gizonenak murriztu; legedi kriminalean, herio zigorra mugatu egin zuen kasu larrienetara, eta zigor bera ezarri zuen biztanle guztientzat, edozein zelarik ere lege hauslearen gizarte maila. Agintarien ustelkeria murrizteko asmoa zuten zenbait lege ere baziren.  v  Eklogak eragin handia izan zuen geroko Bizantzioko legedian, eta orobat Bizantzioko mugez kanpoko eslaviar herrietako legeen garapenean.