Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ebola

iz. Med. Hemorragia sukarra, ezagutzen den eritasun kutsagarri hilgarrienetako bat. Ebola birusaren lehen erasoa 1976ko uztailean gertatu zen, Nzarako kotoi lantegi batean, Sudanen. Izurritea ekialdera zabaldu zen gero, Maridi herrira. Guztira biztanleen % 70 hil ziren. Gaitza harrapatu zuen lehen gizakia atzeman bazuten ere, ezin izan zen zehaztu birusa nondik heldu zen. Ez zen birusaren sorburua aurkitu, eta ezin izan zen bakartu. ■ Urte hartan bertan, irailean, antzeko ezaugarriak zituen gaitz bat zabaldu zen handik 700 kilometrora, Ebola ibaiaren aldameneko berrogeita hamarren bat herritan, Bunba aldean, Zaireko iparraldean. Ebola ibaia Kongo ibaiaren adarra da, eta Bunba aldeko basoko urak hartzen ditu. Atlantako zientzialari talde batek birusa bakartzea lortu zuen, eta Ebola deitu zion (Ebola, Zaire azpimota). 1976ko izurriteak 500 bat pertsona hil zituen. (Sudango izurritea eragin zuen lehen birus hura "Ebola, Sudan azpimota" deitu zuten). 1979an beste eraso bat gertatu zen Zairen, eskualde horretan bertan. 1994ko azaroan, suitzar ikertzaile bat ebolaz kutsatu bide zen txinpantze bati ebakuntza egitean. 1995eko apirilean birusaren beste eraso bat izan zen Kikwiten, Zairen, Kinshasa hiriburutik 600 kilometro ekialdera. Eraso hark 245 pertsona hil zituen. 1996ko otsailean Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi zuenez, Afrikako mendebaldean, Mayibout herrian, Gabonen, hamahiru pertsona hil ziren ebola birusak kutsaturik, festa batean txinpantze bat jan ondoren. ■ Ebola birusaren beste mota bat bakartu zen makako kolonia batean, Restonen, animalia saltoki batean. Bi erasoaldi izan ziren, 1989ko urrian bata, eta 1990eko urtarrilean bestea. Erasoaldi bakoitzean hildako tximinoak Mindanaoko uhartetik (Filipinak) inportatuak ziren. Ebola birusaren mota honek tximinoak hiltzen ditu. Gizakiak birusaren antigorputzak sortzen ditu, baina ez eritasun sintomarik. ■ 1993an Afrika Erdiko Errepublikako baso tropikaletan egindako ikerketaren emaitzak jakinarazi ziren. Ebola birusaren maiztasuna eta banaketa aztertu zuten Lobaye barrutiko ehiztari biltzaileen etnia batzuetan. Odol laginen % 18an ebola birusaren aurkako antigorputzak agertu ziren. ■ Gizakia oihan birjinetan barrentzen denean ordu arte beste animalia batzuen artean baizik bizi izan ez diren birusek kutsatua izateko arriskua du. Ebola birusa, adibidez, tximino talde jakin batzuetan bizi da, baina batzuetan moten arteko muga gainditzen du eta gizakia kutsatzen. Garraio modernoen mugikortasun handiak ere eritasun kutsagarriok azkar zabaltzen laguntzen du. Gizakien artean, kutsatutako odol, organo edo isuriekin harremanetan egonez gero kutsatzen da eritasuna: baita kutsatutako sendagintza tresnen bidez ere. Tximinoen artean, baina, badirudi airean zehar zabal daitekeela. ■ Ebola birusa filobirus mota bat da. Filobirusek harizpi luzeak dituzte, eta argi ikus daitezke mikroskopio elektronikoan. Beste filobirus mota bat Marburg da; hemorragia sukarra sortzen du honek ere. Filobirus honen lehen erasoa 1967an izan zen Marburgen, Alemanian, Afrikatik heldutako tximino batzuen artean. Filobirusek, beste birusak bezala, kutsatutako zelulen biokimika makineria beretzen dute eta birusaren kopiak egiten dituzte bata bestearen atzetik. Pilatutako adreiluen gisako egiturak eratzen dituzte animalien zeluletan, zelula erabat bete arte. Birusa zelularen paretan zehar luzatzen da beste zelula edo leku batzuetaraino, eta berriro errepikatzen da zikloa. Azkenean, gorputzaren sistema immunologikoa itotzen dute, gorputzak aurre egiteko azkarregi ugaltzen direlako, edo erantzun immunologiko normala deuseztatzen duten gaiak sortzen dituztelako. ■ Gaitza berehala zabaltzen da: kutsadutu eta 2-21 egunen barruan agertzen dira sintomak. Lehen sintomak agertuz gero, egun batzuen edo gehienez ere astebete baten buruan hiltzen da gaixoa. Lehenbiziko sintoma buruko mina da, eta sukarra hasten da berehala. Birusak odolbilduak eta odoljarioak sortzen ditu. Odolbilduak gorputzean zehar barreiatzen dira, kapilarrak ixten dituzte, eta odola barne organoetara (burmuina, gibel eta barera batez ere) heltzea eragozten dute. Organook usteltzen hasten dira. Kapilarretako eta ehunetako odol jarioa hasten da gero; ordurako ez dira odolbilduak eratzen. Ehun konektiboak bere elastikotasuna galtzen du eta bigundu egiten da. Gorputzaren barne organoak odolez betetzen dira, eta zulo guztietatik eta azalean zehar ateratzen da odola. Gaitzak aurrera egin ahala, aurpegiak adierazkortasuna galtzen du erabat, bai tximinoetan bai pertsonetan, burmuineko hemorragien ondorioz ziur aski. Gehiegizko odol galerak eta shockak heriotza eragiten dute. ■ Ebola hemorragia sukarra hirugarren eritasun kutsakor hilgarriena da, HIESaren eta errabia edo amorruaren ondoren. Ez dago txertorik ebola birusaren aurka, ezta sendabiderik ere behin gaitzak joz gero. Garbitasunak eta sendagintza prozedura aseptikoek eritasuna zabaltzea eragoz dezakete.