Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dumas, André

Frantses teologo eta idazlea (Montauban, 1918 - La Roche-sur-Yon, 1996). Filosofia eta teologia ikasi zuen Montpellier, Paris eta Basileako unibertsitateetan. Ikasle kristauen elkarteko idazkaria, Paueko Eliza Erreformatuko artzaina eta Parisko Teologia Protestanteko Fakultateko filosofia eta etikako irakaslea izan zen. Réforme astekariko buru eta Esprit aldizkariko erredakzio taldeko kide izan zen. 1975ean abortuari buruzko eztabaidetan hartu zuen parte, bere emazte Francine Dumas-ekin batera. Parisko Ikerketa Ekumenikoen Institutuan irakasle izan zen, eta protestanteen eta beste kristauen arteko elkarrizketa sortzen lan eskerga egin zuen, gainerako erlijioak albo batera utzi gabe. Lan hauek idatzi zituen: Le Contrôle des naissances. Opinions protestantes (1965, Jaiotzen kontrola. Protestanteen iritziak), Croire et douter (1971, Sinesmena eta zalantza), Cent Prières possibles (1982, Ehun otoitz posible), L’Amour et la mort au cinéma (1983, Maitasuna eta heriotza zineman), Protestants (1987), Marie de Nazareth (1989).