Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dos Passos, John

Estatu Batuetako eleberrigilea (Chicago, 1896 - Baltimore, Maryland, 1970). Lehen Mundu Gerraren ondoko «belaunaldi galdua» taldeko idazle nagusietakoa da. Haren lehen liburua, Three soldiers (1921, Hiru soldadu), gerraren aurkako eleberri samina da. Europan kazetari lanetan jardun zuen; bidaietan ikusitako gauzek eragin handia izan zuten bere obran. 1925ean Manhattan Transfer eman zuen argitara, metropoliaren ikuspegi bizia eta kritikoa. Saccoren eta Vanzettiren herio zigorrak (1927) areagotu zuen Dos Passos-en Estatu Batuekiko jarrera kritikoa; jarrera hori U.S.A. trilogian gauzatu zen (The 42 Parallel, 1930; 1919, 1932 eta The Big Money, 1936). Bertan, Estatu Batuak «bi nazio» gisa agertzen du, aberats ahaldunena, eta behartsu aginpiderik gabeena; zinemaren teknika erabiltzen du gertaerak eta pertsonaiak aurkezteko.  v  U.S.A.-ren ondorengo lanek (District of Columbia trilogia) pixkanaka gaineratu zitzaion politikarekiko eta gizartearekiko etsipena azaltzen dute; ez zuten izan, lehengo sormen indarra ere ez baitzuten, batere arrakastarik.