Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Donatello

(Donato di Niccolo’ di Betto Bardi, Donatello deitua). Italiar eskultorea (Florentzia, 1386 - Florentzia, 1466). XV. mendeko Italiako eskultore handiena izan zen; haren obrak izugarrizko garrantzia izan zuen Italiako iparraldeko artean. Ghiberti eskultorearekin lan egin ondoren (1403), eskari asko jaso zuen Florentziako eliza nagusia apaintzeko. Bere lehen obrek (Dabid, 1408, marmolezko eskultura) eragin gotiko nabaria duten arren, San Markoren eskulturak (1411-1412) forma askoz ere biziagoak, errealistagoak erakusten ditu, eta baita Igarleen sailak ere (aipatzekoa da horien artean Habacuc, Il Zuccone edo burusoila deitua). Donatelloren ekarpen handienetariko bat izan zen behe-erliebeetan teknika berezi bat, ikuspuntuarena, erabili zuela, margolaritzan hamar bat urte geroago erabiltzen hasi zena (San Jorge azpiko behe-erliebea, 1416-1420). Horrez gainera, berebiziko eragina izan zuen ondoko hilobi-eskulturan (Joan XXIII.a antipaparen hilobia, Michelozzorekin batera, 1425). Erroman egon ondoren (1431-1433), Florentziako katedraleko Cantoria lan klasikoa egin zuen (1433-1439). Molde berekoa da 1433-1434 urteetan brontzez egin zuen Dabid eskultura. Paduan eman zituen urteetan (1443-1453) bi lan nagusi egin zituen: Gattamelata condottieroaren zaldizko eskultura (brontzezkoa, 1453) eta San Antonioko elizako aldare nagusia. Florentzian ondu zituen azken obrei adierazkortasun berezia darie: San Lorenzo martiriaren heriotza, Judit eta Holofernes, Maria Madalena (zurez egina, 1455).  v  Donatello quattrocento-ko artista berritzailetan nagusietakoa izan zen eta eragin handia izan zuen bere garaitik aurrera eskulturan ere.