Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Díaz, Porfirio

Mexikoko jenerala eta politikaria (Oaxaca, 1830 - Paris, 1915). Oso gazterik sartu zen Mexikoko armadan. Juarezen agindupean jenerala izan zen, eta Maximilianoren eta frantsesen aurka borroka egin zuen. 1871n Juarezen aurka matxinatu zen, baina altxamenduak porrot egin zuenez, Estatu Batuetara jo behar izan zuen. 1878. urtean Mexiko hiriburura itzuli eta Errepublikako lehendakari bihurtu zen 1877-1880 eta 1884-1911 bitarteko urteetan. Atzerriko diruaren laguntzaz hasieran Mexikoko ekonomia indartu bazuen ere, diktadore gisa agindu zuen ondoren, eta ia enpresa eta banketxe garrantzi handiko guztiak Estatu Batuetako eta Frantziako kapitalaren mende utzi zituen. Madero politikariak 1911. urtean zuzenduriko iraultzak Porfirio Diaz Errepublika uztera behartu zuen eta Europara erbesteratu behar izan zuen urte hartan bertan.