Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dehesa de Moncayo parque naturala

Espainiako Zaragoza probintzian, Soriarekin mugan, dagoen parke naturala. Iberiar Mendietako tontorrik garaiena den Moncayoren (2.315 m) hegalean dago, iparraldeko isurialdean. 1.389 ha ditu. Ebroren ibaiadar Huecha eta Queiles ibaiek bere hegalean dute iturburua. Landaredia bost mailatan du banatua: 900 m arte, karraska eta artea dira nagusi; hortik 1.200 m-ra, ametz eta landatutako pinu gorria; 1.200 eta1.650 m artean pagadiak eta belardiak ageri dira; hortik 2.000 m-ra landatutako mendi pinua; eta hortik tontorrerainoko mailan belardi eta sastrakak. Lurreko faunan orkatz, azeri, basurde, gardatxo eta sugegorriak nagusitzen dira; eta hegaztien artean, arrano beltza, sai zuria, putrea, aztorea, eperra, usapala eta buztanzuri arrunta. 1.620 metroko garaieran, Moncayoko Andre Mariaren santutegia dago, eta ekialdeko isurialdean, Moncayoren oinean, 1146. urtean eraikitako Veruela monasterio zistertarra. Bertakoen bizibidea zuraren, eta ahuntz eta ardi aziendaren ustiapenean oinarritzen da, nahiz eta parke natural bihurtu dutenetik baliabide hauek urritu egin diren.