Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Degenhardt, Franz Josef

Alemaniar idazlea eta musikagilea (Schwelm, 1931). Familia katoliko erraldikal eta faxismoaren kontrako batean hazi eta hezi zen. 1966an zuzenbide ikasketak egin zituen eta Legebiltzarrez kanpoko oposizioarekin bat egin zuen legelari gisa. 1971. urtea arte Alemaniako Alderdi Sozialistako kide izan zen, eta 1978an Alderdi komunistako kide egin zen. Gero Quickbornera joan zen bizitzera, Hanburgotik gertu, literaturan buru-belarri murgildurik. 1960 eta 1970 ondoko urteetako gertakari politikoek eta Vietnamgo gerraren aurkako mugimenduek sakon hunkitu zuten. Hala, F. Villon, B. Brecht, F. Wedekind, K. Tucholsky eta J. Ringelnatz idazleen tradizioan kokatzen da, gizartearen aurkako kritika gogorrengatik, gutxiengoen legelari gisa aritzeagatik, eta etorkizun sozialista baten aldeko lan nekaezinagatik. Lehen diskoen bidez, burgesiaren aurkako balada abeslari gisa ezagutarazi zuen bere burua. Geroagoko lanek tonu gogorragoa hartu zuten: Im Jahr der Schweine (1969, Zerrien urtean), Mutter Mathilde (1972, Ama Mathilde). 1986an eta 1988an Hego-mendebaldeko Irratiko abeslari onenaren saria jaso zuen. Eleberrigile gisa, 1970 ondoko urteetan ezagutarazi zuen bere burua. Obra gehienetan faxismoaren aurkako erresistentzia eta gerra ondoko alemaniar demokraziaren patua ditu hizpide: Zündschnüre (1973, Metxak), Brandstellen (1975, Su guneak), Die Mißhandlung oder Der freihändige Gang über das Geländer der S-Bahn-Brücke (1979, Gaizki tratatzea edo tren azkarraren zubiko barandako igarotze librea), Der Liedermacher (1982, Kantugilea) eta Die Abholzung (1985, Mozketa).