Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dehaene, Jean-Luc

Belgikar politikaria (Montpellier, Frantzia, 1940). Ekonomia eta zuzenbide ikasketak egin zituen. 1965-1972 bitartean Langileen Sindikatu Kristauko kide izan zen. 1967an Alderdi Popular Kristauaren gazteen saileko lehendakariorde izendatu zuten. 1972an alderdiko buruzagitzan sartu zen, eta Herrilanetako ministro De Saegerrekin lanean hasi zen. Urtebete geroago De Saegerrekin lanean jarraitu zuen Osasun Publikoko ministerioan. Hurrengo urteetan antzeko postuak izan zituen ministerio desberdinetan. 1979-1981 bitartean Lehen ministro Wilfried Martensen idazkari pertsonala izan zen. 1981eko abenduan Gizarte Arazo eta Erakunde Berrikuntzetarako ministro izendatu zuten. 1988an, berriz, Lehen ministrorde eta Komunikazio eta Instituzio Erreformetarako ministro izendatu zuten. 1992ko martxoan gobernuko lehendakaritza eskuratu zuen bere alderdiaren eta waloi eta flandestar alderdi sozialistekin egindako koalizioko buruzagi nagusi gisa. Lehendakaritzatik Belgikaren zor gero eta handiagoak, gizarte segurtasunaren kolapsoak, langabeziak eta waloien eta flandestarren arteko tirabirek eragin zuten krisiari aurre egin behar izan zion. Europar Batasunaren defendatzaile sutsua izanik, Europar Batzordearen buru Jacques Delors frantsesaren ondorengo izendatzekotan egon ziren 1994an, baina Frantziaren eta Alemaniaren babesa izan arren, Britainia Handiko Lehen ministro John Mayorrek betoa ezarri zion azkenean. 1995eko ekainean bere herrialdeko Lehen ministro hautatu zuten berriro. Enpleguari buruzko negoziazioetan huts egin ondoren, bere gobernuaren aurkako zentsura mozioa gainditu zuen. Gero ohiz kanpoko botereak lortu zituen gizarte segurantza, langabezia eta beste ekonomia arazo batzuk dekretuz erabaki ahal izateko. Kritika handiak izan zituen Belgikako pederastia sare handi bat desegiteko izan zuen jarrera pasiboagatik.