Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

De Quincey, Thomas

Idazle ingelesa (Greenheys, Manchester, 1785 - Edinburgo, 1859). Merkatari baten semea zen, eta Londresa jo zuen aita hil zitzaionean. 1804. urtean hasi zen opioa hartzen, eta oso zalea izan zen bizitza guztian. London Magazine aldizkarian idatzi zituen bi artikulu (1821), eta liburu gisa argitaratu ziren hurrengo urtean: Confessions of an English Opium-eater (Opiozale ingeles baten aitorpenak, 1822). Liburu honen argitalpen berriago eta osatuago bat eskaini zuen De Quincey-k berak 1856an. The English Mail-Coach (Zaldi-gurdi ingelesa, 1854) liburua ametsetako munduan oinarritua da. De Quincey-k saiakera lan ugari eman zuen argitara hainbat aldizkaritan: On Murder as of the Fine Arts (Hilketa arte eder gisa, 1827); Joan of Arc (Joana Arc-ekoa, 1847), heroi frantsesaren zigorra arrazoitzen duen obra; Macbeth-i buruzko saiakera bat. Bere poema lirikoen bilduma Blackwood’s Magazine aldizkarian agertu zen 1845ean, Suspiria de Profundis izenburupean. Lake-ko poetekin batera ibili zen (Wordsworth, Coleridge, Southey) eta harreman horren fruitu Reminiscences of the English Lake Poets (Lake-ko Olerkari ingelesen oroitzapenak, 1834) kritika liburu baliotsua idatzi zuen.