Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dayan, Moshe

Israeldar jenerala eta politikaria (Degania, 1915 - Ramat Gan, 1981). Haganah erakundeko kidea zen, eta Vichyko gobernamenduko armada frantsesaren aurka borrokatu zen Sirian 1941. urtean. Koronel izendatu zuten (1948) eta Siriako borrokan jardun zuen. Jerusalemgo eskualdean ere borrokatu zen arabiarren eta israeldarren arteko lehenengo liskarretan. 1953. urtean jeneral eta estatuburu hautatu zuten. Israelgo oste militarrak berriz eratu ondoren Sinaiko kanpainari ekin zion Egiptoren aurka (1956). 1965ean Ben Gurionek sorturiko Rafi alderdiari lotu zitzaion eta Nekazaritzako ministro izendatu zuten. Lévi Eshkolek osaturiko gobernuak Defentsa ministroa izendatu zuen sei eguneko gerraren bezperan (1967). Dayan izan zen, Rabin jeneralarekin batera, israeldarren garaipenaren zuzendaria. Beginek Kanpo Arazoetako ministro izendatu zuen (1977-1979). Dayan jenerala israeldarrek mendean zituzten lurralde arabiarrak Israelgo estatuarekin elkartzearen aldekoa zen.