Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Day-Lewis, Daniel

Antzerki eta zinemako britainiar aktorea (Londres, 1957). Ingalaterran jaioa den arren, irlandar herritartasuna du. Ama ere, Jill Balcon, antzezlea zuen eta amaren aldetiko aitona, sir Michael Balcon, Ingalaterrako “Ealing Studios” zinema etxeko zuzendaria izan zen denbora luzez. Aita, berriz, Cecil Day-Lewis, poeta entzutetsua, Ingalaterrako Errege Etxeko kide izan zen 1968tik 1972ra bitartean. Danielek Greenwichen eta Kenteko Sevenoaks School-en egin zituen ikasketak eta, gero, Bristolgo Old Vic antzerki eskolan ikasi zuen arte dramatikoa. Artean oso gaztea zela egin zuen debuta zineman, John Schlesinger-ek zuzendutako Sunday, Bloody Sunday (1971, Igandea, zorigaitzeko igandea) filmean. 1982an, Another Country (Beste herrialde bat) antzerki laneko protagonista izan zen Londresen. 1985ean bi paper oso desberdin interpretatu zituen, maisutasun handiaz: alde batetik, punky homosexual baten papera egin zuen Stephen Frears-ek zuzendutako My Beautiful Laundrette (1985, Ene garbitegi ederra) filmean eta, bestetik, James Ivoryren zuzendaritzapean, “dandy” baten interpretazioa egin zuen A Room with a View (1986, Ikusmiradun gela) pelikulan. 1988an, Milan Kunderaren eleberri batean oinarritutako The Unbearable Lightness of Being (1988, Izatearen arintasun jasangaitza) filmeko protagonista izan zen, Philip Kaufman zuzendari zuela. Hurrengo urtean, My Left Foot (1989, Ene ezkerreko oina) filmean egindako interpretazioagatik (Christy Brown, irlandar artista elbarriaren papera egin zuen) aktore hoberenaren Oscar saria irabazi zuen. Film hori egiten ari zirela, Daniel Day-Lewisek, paperean hobeto sartzeagatik, gurpil-aulki batean eserita pasatzen zituen egunaren ordu gehienak, kameraren aurrean ez zegoenean ere. Hollywoodeko hainbat filmetan ere lan egin du: The Last of the Mohicans (1992, Azken Mohikanoa, Michael Mann), Errugabatesunaren adina (1993, Martin Scorsese), Aitaren izenean (1994, Jim Sheridan), Arragoa (1995, Nicholas Hytner).