Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chevènement, Jean-Pierre

Politikari frantsesa (Belfort, 1939). Frantziako Alderdi Sozialistako (PSF) kide egin zen 1964an, eta 1973az geroztik etengabe hautatu izan dute diputatu. Belforteko alkate ere bada 1983az geroztik. Mitterrand agintera heldu zenean (1981) Ikerkuntza eta Teknologia ministro izendatu zuen lehenbizi, eta Ikerkuntza eta Industriakoa (1982-1983), Hezkuntzakoa (1984-1986) eta Defentsakoa (1988) ondoren. Golkoko gerra hasi zenean (1991) dimititu egin zuen, ez baitzetorren bat gai horretan Frantziako gobernuarekin. 1997an Barne ministro izendatu zuen Lionel Jospinek. Jakobino sutsua da, eta dimititu egin zuen 2000ko abuztuan, ez baitzetorren bat Korsikari autonomia legegilea ematearekin. Halaber, Iparraldean Euskal Departamendua sortzearen aurka azaldu izan da beti.