Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cronenberg, David

Kanadar zinemagilea (1943). Zientzia eta literatura ikasketak egin zituen. 1960ko hamarraldiaren amaieran, underground zinema aurkitu zuenean, zenbait film labur egin zituen. Bere lehenengo film luzeak pornografia filmetan espezializatuta zeuden etxeek finantzatu zituzten. Shivers (1975) lanean sexu bidezko bortxakeria izurri batek hainbat hildako eragiten ditu etxe moderno batean. Rabid (1976) lanak berretsi egiten du kutsadura, metamorfosi fisikoak eta gizakien senen gainbeherak Cronenberg-engan sortzen duten lilura. The Brood (1979) filmean, ama batek bi nomo krudel erditzen ditu; psikiatriaren aurkikuntzetan oinarrituta, film horrek izura hurbiltzen du ikuslea. Ildo horretatik egin zituen Scanners (1980) eta Dead Zone (1984). Irudiaren boterea da David Cronenberg-en arduretako bat. Hala, irudia, manipulatuta edo asmatuta, gorputz bat da, magnetoskopio bizi bilakatzen den heroia (Videodrome, 1992), edo amodioa gizon batekin egiten duen gizona eta emakume batekin ari dela uste duena (M. Butterfly, 1992). Baina irudiaren aurreramendu fantasmagoriko horiekin batera, irudiaren bilaketa gero eta sofistikatuagoa egiten du, efektu berezi ia ikusezinetara iritsi arte (Dead Ringers, 1988). The Naked Lunch (1991) abangoardiako filma izan zen. The Fly (1988) filmean batu egiten ditu haragi bizia eta materia bizigabea. Cronenberg-ek zinema fantastikoaren legeak berritu ditu, eta baita mugak gainditu ere.