Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cromwell, Oliver

Ingalaterrako politikaria (Huntingdon, 1599 - Londres, 1658). Cambridg-ko Unibertsitateko diputatua izan zen Long Parlament izeneko parlamentuan. Puritanismoaren aldeko sutsua izan zen, eta Karlos I.aren etsai amorratu bihurtu zen. Erregearen eta Parlamentuaren arteko gerra piztu zenean, Cromwell Parlamentuaren alde jarri zen eta Ironsides (Burdinazko aldeak) gudaroste ospetsuaren buru joanda, Marston Moor-ko (1644) eta Naseby-ko (1645) garaipenak lortu zituen. Parlamentuko buruzagi nagusia izendatu zuten, eta Karlos I.a erregea hiltzera kondena zezaten lortu zuen 1649. urtean. Errepublika edo Commonwealth aldarrikatu ondoren, Cromwellek Irlanda (Droghedako gudua, 1649) eta Eskozia (Dunbar, 1650) konkistatu zituen, basakeria izugarria erabiliz, eta Karlos II.aren armadak (Worcester, 1651) garaitu zituen. Parlamentua bere gogora ezin baitzuen antolatu, 1653. urtean bere burua estatuburu izendatu zuen Lord Protector tituluaz, eta diktadura ezarri zuen. Holanda bere mende jarri ondoren (Itsasketako akta, 1651), Cromwell Espainiaren aurka borrokatu zen (Jamaikako konkista, 1655) eta Frantziari Dunkerke hiria kendu zion 1658. urtean. Oliver Cromwell 1658ko irailaren 3an hil zen, bere herriaren haserrea eta arerioen gorroto bizia bildu ondoren.