Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Consolo, Vincenzo

Italiar idazlea (Sant´Agata di Militello, 1933). Sizilian bizi izan zen batxilergoa egin zuen arte. Ondoren, Milanera joan zen zuzenbidea ikastera eta Siziliara itzuli zen irakasle izateko. Lehenengo eleberria, La Ferita dell´aprile (1963, Apirileko zauria) gerra hotzaren eta Elizaren komunismoaren kontrako gerraren testuinguruan idatzi zuen. Lan horretan Siziliako herri bateko bizitza azaltzen du; herria umezurztegi batek menderatzen du. 1968an Consolo Milanera itzuli zen. Irakaskuntza utzi eta komunikazio elkarte batean sartu zen. Il Sorriso dell´ignoto marinaio (1976, Marinel ezezagunaren irribarrea) lanean bi gizonen patua erakusten du, bi patu elkarren oso desberdinak; Consolok uhartetarren ikuspegia hartzen du independentzia nahia azaltzeko, eta ondoren, Italiaren batasunaren ondorio politikoen aurrean duen deseinganua. 1985ean Lunaria lanarekin Pirandello saria irabazi zuen, eta handik bi urtera, Retablo (Erretaula) lanarekin, Grinzane Cavour saria. Eleberri hori Argien Mendean kokatzen du, eta maitasun atsekabetu bat azaltzen du hiru kontalari desberdinen bidez. Le Pietre di Pantalica (1988, Pantalicako harriak) kontakizun laburren bilduma da. 1989an Catarsi tragedia estreinatu zen, bertsoetan ondua, Cataniako Stabile antzokian. 1992an Notte tempo, casa per casa eleberriarekin Strega saria jaso zuen. Liburu hori erbestealdiari buruzko gogoeta bat da. L´Olivo e l´olivastro (1994) eleberrian bidaiari batek etsita eta haserre begiratzen dio Siziliari. Kritika eta kazetaritza ere landu ditu Consolok. Idazkera bizia eta modernoa du, eta zenbaiten iritziz, baita barrokoa ere.