Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Connes, Alain

Frantses matematikaria (Draguignan, Var, 1947). Lehenengo ikasketak Parisko École Normale Supérieure-an egin zituen. Graduatu ondoren (1970), Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionalarentzat aritu zen ikerlanean. Bere tesiak (III. motako faktoreen sailkapen bat) aljebra operatzaileak, bereziki Von Neumann aljebrak, aztertzen ditu. Jacque Dixmieren laguntzaz idatzi zuen, eta 1973an aurkeztu zuen. 1974-75 ikasturtea Ontarioko Erreginaren Unibertsitatean (Kanada) igaro zuen. 1976tik aurrera Parisko VI. Unibertsitatean lan egin zuen. Princetongo Ikerketa Aurreratuetako Institutuan ere aritu zen. 1980an Parisko Unibertsitatea utzi zuen eta Bures-sur-Yvette-ko Ikerketa Zientifiko Aurreratuen Institutura joan zen irakasle. 1981ean Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionalera itzuli zen, oraingo honetan ikerketen zuzendari gisa. Postu hori zortzi urtez bete zuen. Parisko Frantziako Eskolako irakasle ere bada 1984az geroztik. 1983an Fields domina eman zioten Varsoviako Nazioarteko Kongresuan. III. motako faktoreez gainera, Connesek matematikako arlo asko aztertu ditu: geometria diferentziala, ez-kommutazioaren integrazioa, etab. Bere azkeneko lanetan geometria ez-kommutatiboa aztertu du; testu garrantzitsu bat argitaratu zuen gai horri buruz 1994an. Fields dominaz gainera, beste sari asko jaso ditu: Aimeé Berthé saria (1975), Pecot-Vimont saria (1976), Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionaleko urrezko domina (1977), Parisko Zientzietako Akademiaren Ampère saria (1980), eta Frantziako Elektrizitatearen saria (1981). 1982an Zientzietako Akademiako kide izendatu zuten.