Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Colbert, Jean-Baptiste

Frantses politikaria (Reims, 1619 - Paris, 1683). Mazarini kardinalaren zerbitzuan hasi zen lanean eta Mazariniren beraren gomendioz Luis XIV.aren zerbitzuan sartu zen geroago. Luis XIV.arentzat lanean ari zela Fouquet finantza intendente ordea kentzea erdietsi zuen Colbertek, diru publikoa gaizki erabili zuela eta. Colbertek garrantzi handia hartu zuen berehala: finantza intendentea izendatu zuten 1661ean, kontrolatzaile nagusia 1665ean, Eraikuntza, Arte eta Manufaktura intendente ordea izan zen 1664an, eta erregearen Etxe eta Itsas Armadako idazkaria ondoren. Estatuko finantzen egoera hobetzearren Colbertek bideraturiko neurriek hasieran inolako fruiturik eman ez bazuten ere, abiarazi zuen eraberritze fiskalak, administrazio berrantolaketak eta, batez ere, ekonomian egin zituen egitasmoek estatuko ekonomiaren planifikazio eraginkorra ekarri zuten. Babes neurriak ezarriz, industria eta merkataritza indartu zituen, estatuaren mendeko lantegiak sortu, Ekialdeko Indietako konpainiak babestu, ur eta oihan zerbitzuak arautu, eta Europan ordu arte ezagutzen ez zen errepide sarea osatu zuen. Arteak ere sustatu zituen. Hala eta guztiz ere, ezin oztopatu izan zituen estatuaren gastu handiak eta egoera honetaz baliatu zen Louvois-ko markesa Colberti bere karguak kentzeko (1675).