Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cohen-Tannoudji, Claude

Frantses fisikaria (Constantina, Aljeria, 1933). Parisko ENS (École Normale Superieure) delakoan egin zituen ikasketak, Alfred Kastler (1966an Fisikako Nobel saria irabazi zuena) eta Jean Brossel irakasle zituela. Cohen-Tannoudjik 1962an eskuratu zuen fisikako doktoregoa, Parisko ENSn. 1964tik 1973ra Parisko Unibertsitateko irakasle izan zen. Cohen-Tannoudjiren ikerkuntza lana beste bi fisikarik aurrez egindako ikerketen argitan ulertu behar da. 1985ean, Steven Chu doktoreak atomoen lastertasuna 4.000 km/ordukoa izatetik 1 km/ordukoa izateraino mantsotzea lortu zuen, eta era horretan askoz hobeto aztertu ahal izan ziren. Atomoen tenperatura, bestalde, gradu baten 240 milioirenekoa izateraino jaitsi zuen, zero absolutuaren gainetik. William Phillipsek, bere aldetik, atomoak oraindik gehiago hoztea lortu zuen: gradu baten 40 milioirenera, zero absolutuaren gainetik. Cohen-Tannoudjik eta bere taldeak, berriz, 1995ean, laser teknikak erabiliz, gradu baten 0,2 milioireneraino jaitsi zuten atomoen tenperatura, zero absolutuaren gainetik, eta lastertasuna bi zentimetro segundokoa izateraino moteldu zuten. Cohen-Tannoudjiren laser teknikei esker egindako erloju atomikoak ordu arte egindako erlojurik doienak izan ziren. Oso ospetsua da, halaber, frantses fisikariak quantumen mekanikaz argitaratutako lana, mundu guztiko ikasleek erabili baitute. 1997an, Fisikako Nobel saria jaso zuen, Steven Chu eta William Phillipsekin batera.