Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cocteau, Jean

Frantses idazlea (Maisons-Lafitte, 1889 - Milly-la-Forêt, 1963). Eleberrigilea, antzerki eta zinema lanen idazlea, pintore eta marrazkilaria, baina, batez ere, olerkaria izan zen Cocteau. Berrikuntza zalea zen eta parte hartu zuen abangoardia saio ugaritan, artista askorekin elkarlanean (Picasso pintorea; Satie eta Milhaud musikariak). Haren olerkiek, Poésies 1913-1923, 1924 liburuan jasoak gehienak, margolari kubisten fantasia eta XVI. mendeko olerkarien metrikaren imitazioa lotzen dituzte. Antzerkirako lanetan antzinako mitoak berritzen ahalegindu zen (Orphée, 1927; Antigone, 1928; La machine infernale, 1934; Bacchus, 1952), egunoroko bizimoduan tragedia txertatu asmoz. Eleberrien artean Les enfants terribles da aipagarriena (1929, Ume terribleak, J.A. Sarasolak itzulia), gaurko etsipenaren lekukotza bitxia eta gogorra dena.