Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Clemenceau, Georges Benjamin

Frantses politikaria (Mouilleron-en-Pareds, Vendée, 1841 - Paris, 1929). Medikua zen baina politikan parte hartu zuen bigarren inperioa erori zenean (1870eko irailaren 4). Erradikalen alderdiko diputatu hautatu zuten 1871n; ezker muturreko talde bateko partaide bihurtu zen 1876an eta hainbat ministro kendu zuen aginpidetik (Gambetta, 1882; Ferry, 1885). Panamako iskanbilan esku hartu eta ingelesen aldeko agentetzat jo zuten; 1893ko hauteskundeak galdu zituen, eta ez zen 1898ra arte Frantziara itzuli (Dreyfus-en alde). Senatari bihurtu zen 1902an eta Kontseiluburu eta Barne Ministro, berriz, 1906an. Elizaren eta Estatuaren banaketaren alde agertu zen. Gogor erantzun zien Pas-de-Calaisko meatzariei eta sozialisten etsaigoa jaso zuen. Berriz ere oposizioan zela, 1913an L´homme libre egunkaria sortu zuen (L´homme enchaîné izena jarri ziona Lehen Mundu Gerra hasi zen zentsura salatzearren). 1917an, Poincaré-k gobernuburu izendatu eta aliatuen gudarostearen burua Foch mariskal frantsesa izatea lortu zuen Clemenceau-k. Versaillesko Bakea negoziatu ondoren (1919), Errepublikako lehendakaritzarako hauteskundeak galdu zituen (1920). Tigre izena eman zioten bere izaera zorrotzagatik.