Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cleaver, Eldridge

Estatubatuar politikaria eta beltzen aldeko aktibista (Wabbaseka, Arkansas, 1935 - Los Angeles, 1998). Hamabi urterekin atxilotu zuten lehenbizikoz, bizikleta bat osteagatik, eta askatasun aldiak izan bazituen ere, ondorengo 15 urteen parterik handiena erreformatorio eta kartzeletan eman zuen. Kartzelan zegoela, Malcolm X aktibistaren idatziak irakurri zituen eta haren jarraitzaile sutsu egin zen. Cleaver-ek goi ikasketak amaitu zituen eta hainbat gizarte kritika aztertzeari ekin zion: Ameriketako beltzen idatziak (Malcolm X, Du Bois, Richard Wright, James Baldwin) eta pentsalari komunista handienak (Marx, Lenin…). Hala hasi zen Cleaver “Amerika zurian beltz izatearen kontzeptua” biribiltzen. 1962an argitaratu zituen beltzen nazionalismoari buruzko lehen saiakerak Negro History Bulletin izenekoan. 1966an, baldintzapeko askatasunean atera eta berehalaxe (1965ean hil zuten Malcolm X), Huey Newton eta Bobby Seale-rekin batera, Black Panther Party (BPP) edo Pantera Beltzen Alderdia sortu zuen. 1968an argitaratu zuen Soul on Ice (Arima izotzetan) liburu autobiografikoa, non Ameriketako beltzen egoera eta zurien arrazismoa salatzen baitziren. Pantera Beltzen erradikalismoa zela eta, noiznahi izaten zituzten poliziarekin istiluak, eta hala, 1968ko apirilean, polizien aurkako tiroketa batean, zauritu egin zuten Cleaver. Berriro kartzelara ez itzultzearren, Kubara ihes egin zuen eta ondorengo zazpi urteetan herrialde komunistetan ibili zen: Sobietar Batasunean, Ipar Vietnamen eta Ipar Korean. Azkenean, herrialde komunistetako askatasun faltagatik etsita —“kartzela gogorarazten zidaten, ezin nuen eraman”, esan zuen geroago—, berriro kristau egin zen, 1975ean. Hurrengo urtean, Estatu Batuetara itzuli zen, eta 1.200 ordu herri-zerbitzuetan egitera zigortu zuten. 1986an, Alderdi Errepublikarretik Senaturako izenda zezaten saiatu zen, baina ez zuen lortu. 1998ko maiatzaren 1ean hil zen Los Angeleseko ospitale batean.