Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Casanova i Comes, Rafael

Katalan abertzalea (Moia, 1660 - Sant Baudili, 1743). 1706. urtean Bartzelonako conseller tercer hautatu zuten eta zazpi urte geroago, Borboikoek hiria setiatu zutenean, conseller en cap edo alkatea zen artean, Bartzelonako defentsa antolatu zuen. 1714. urteko irailaren 11n Bartzelonako harresietan agertu zen, eskuan Santa Eulaliaren bandera zeramala, Kataluniaren askatasuna galarazi nahi zuten Borboiko osteei aurre egiteko asmotan, baina larriki zauritu zuten. Bartzelona errenditu zenean, lagunek Casanova hila zela esan zuten, eta horrela salbatu ahal izan zuten alkatea. 1719. urtean itzuli zen Bartzelonara, eta 1737an Sant Baudilin erretiratu zen behin betiko. Casanova Kataluniako abertzaleen sinbolo bihurtu zen eta, XIX. mendearen bukaeraz geroztik, bere omenez eraikiriko oroitarriaren inguruan biltzen dira irailaren 11n, Diada egunean.