Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Casa de América

Espainiako kultura erakundea, egoitza Madrilen duena. 1992an sortu zen Madrileko udalaren ekimenez, kulturaren eta diplomaziaren gune garrantzitsu izan zedin. Kanpo Arazoetako ministerioaren eta Madrileko Erkidegoaren eta udalaren parte-hartzeaz osaturiko proiektua da, eta haiek jarri zuten Linareseko jauregia erosteko, berritzeko eta erakundea lanean hasteko dirua. ■ Bi esparrutan dihardu Casa de Américak: Ateneoan eta Tribunan. Amerikako Ateneoa arte plastikoen eta musikaren, zinemaren eta literaturaren topagunea da. Bere helburua ahalik eta eskaintza kultural orekatuena eta osoena eskaintzea da; egin izan diren erakusketen artean, Kolon aurreko artearena, Barbier-Mueller bildumarena edota Paraguaiko jesuiten misioetako arte kolonialarena nabarmen daitezke, baina arte garaikidea ere erakusten da: Luis Caballero kolonbiarrarena edota Los Angeleseko hispanoen arte herrikoi chicanoa, besteak beste. Ikuskizunei dagokienez, lan abangoardistetatik hasi eta Karibeko tradizio erromantikoko musikaletara bitarteko joeretako obrak eskaini izan du. ■ Irakaskuntza, politika eta gizartea dira Amerikako Tribunak lantzen dituen gaiak, eta Elkartearen errealitate kulturalari eta politikoari buruz gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko foro garrantzitsua da. Alor horretan, estatu eta gobernuburuek Iberoamerikako Elkartearen gailurretan erabilitako gaiei ematen zaie lehentasuna. Ikerketari eta irakaskuntzari zuzendutako programa berezia du, Iberoamerikako Ikasgela, unibertsitateko ikasketak amaitu dituztenentzat bi master, bata Unibertsitate Complutensearekin (Iberoamerikako Goi Ikasketen Masterra) eta bestea Alcalá de Henaresko Unibertsitatearekin (Ipar Ameriketako Ikasketen Masterra).