Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cánovas del Castillo, Antonio

Espainiar politikaria eta historialaria (Malaga, 1828 - Santa Ageda, Arrasate, 1897). 1845. urtean Unión Liberal alderdian sartu zen eta berehala Cadizko gobernari izendatu zuten. Erroman egon ondoren, 1864an, gobernuko ministro izan zen O´Donnell-ekin. Monarkiaren aldeko sutsua izaki, oso begi onez ikusi zuen Alfontso XII.a Espainiako errege izendatu izana (1875). Alderdi Kontserbadoreko buru eta erregearen uste oneko gizona izan zen; ez zion demokraziari begi onez begiratzen. 1876. urtean Konstituzio berria idatzi zuen eta Euskal Herriko lurraldeetako foruak baliorik gabe utzi zituen. Canovas-ek aldarrikatu zuen Espainiako gobernuan bi alderdi aldizkatzearen sistema;1923. urtea arte luzatu zen sistema hura. 1895. urtean ministro kontseiluko lehendakari izendatu zuten berriro ere eta kolonialismoaren aurkako gerrillei aurre egin behar izan zien (Filipinetan Rizal abertzalearen fusilatzea, Kubako gerra). Angiolillo italiar anarkistak hil zuen Arrasateko Santa Ageda bainu-etxean zegoela 1897ko abuztuaren 8 an. Batere errespetatu ez zituen euskal foruei buruzko bi artikulu idatzi zituen 1873an izenburu berdintsuarekin: Los antiguos y modernos vascongados, su origen y sosiego secular y su situación e inquietudes actuales. Miguel Rodriguez Ferrer-en Los vascongados. Su pais, su lengua y el Príncipe Bonaparte (Madril, 1873) libururako, hitzaurre interesgarri bat idatzi zuen. Juan de la Cosa itsasgizonari buruzko biografia bat ere idatzi zuen. Cánovas del Castillo XIX. mende bukaerako Espainiako politikaririk gaitzetsienetakoa izan zen euskaldunen artean.