Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Camus, Albert

Frantses idazlea (Mondovi, Aljeria, 1913 - Villeblevin, Yonne, 1960). Laborari familia batean sortu zen. Filosofia ikasten hasi zen, baina tuberkulosiak jota ikasketak utzi behar izan zituen. Literaturan eta kazetaritzan hasi ondoren —L´Envers et l´Endroit, (Aurkia eta ifrentzua, 1937), Noces (Ezteiak, 1938)— Frantziara jo zuen. Nazien aurkako erresistentzian, Combat egunkariko zuzendari izan zen (1944-1946). J. P. Sartreren aurka agertu zen 1952an, komunistengandik hurbilegi zegoelakoan, eta humanismo konprometitu baten aldeko bideak proposatu zituen, absurdua gaindituz, L´Étranger eleberrian (1942; Arrotza, J. M. Agirrek euskarara itzulia) eta Le Mythe de Sisyphe filosofia saioan (Sisiforen mitoa, 1942) aurreratu zuen bezala. Camusen unibertsoa gizonaren, absurduaren eta borrokaren beharraren inguruan mugitu zen; hasieran gizabanakoaren konpromisoaren alde agertu bazen ere (Caligule eta Le Malentendu antzezlanak, 1944), geroko obretangizarteeak gaizkiaren aurka aritzeko behar duen morala proposatu zuen —La Peste eleberria (Izurria, 1947); L´Etat de siège antzezlana (Setioa, 1948)—. Abstentzionismoaren etsai izan zen eta, era berean, helburuak bitartekoak justifikatzen dituelako teoriaren kontrakoa —Les Justes (Zintzoak) antzezlana, 1949; L´Homme revolté (Gizon matxinatua) historiari buruzko saioa, 1951—. Bestalde giza jokabideak kezkatzen zuen —La Chute (Erorketa, 1956). Hala, Camusek zoriona baino lurreko arazoen aurreko kontzientzia sustatzen duen humanismoa aldarrikatu zuen, metafisika eta politikako ametseetatik urrun: L´Exil et le Royaume (Erbestea eta Erresuma, 1958) kontakizun bilduma.   v  Idazle zuhurra eta zorrotza izan zen Camus; idazkera neutroa bilatzen saiatu zen, gehiegikeriarik gabeko estilo baten bidez. Bere pentsaeraren oinarriak azaltzen zituzten artikulu asko idatzi zituen (Actuelles, artikulu bilduma, 1939-1958; Carnets, hilondoko bilduma, 1962). 1960. urtean hil zen auto istripu batean.