Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Camporesi, Piero

Italiar idazlea (Forli, 1926 - Bolonia, 1997). 1969-1996 urteetan italierazko eta italiar literaturako irakasle izan zen Boloniako Unibertsitatean. 1960ko hamarraldian Ludovico di Bremeren literatura kritikako lanak (Il Romitorio di sant´Ida, 1961; Lettere, 1966) eta Vittorio Alfieri poeta eta dramaturgoarenak aztertu zituen. Literatura kritikaren eta filologiaren alorrez gainera, historia eta antropologia landu zituen, eta hala aztertu zuen Pellegrino Artusiren La Scienza in cucina e l´arte di mangiar bene sukaldaritzari buruzkoa (1970). Elikagaien inguruko ikerketek pobretasun eta iraupenaren inguruko gaiak aztertzera eraman zuten, eta orobat janaren eta edanaren inguruko errituak eta adierazpenak. Pobretasunaren bidez, arloteenganako interesa sortu zitzaion. Camporesik, bestalde, Erdi Aroko elitearen kulturaren eta herriaren kulturaren arteko harremanak aztertu zituen. Hala, lehenaldia ulertzeko modu berri bat sortu zuen, eta horri esker gizartearen bizitzaren zirriborroa egin ahal izan zuen, eta ikertzen zituen erretratuak fintasun handiz azaldu.