Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Campania

Italia hegoaldeko lurraldea, Tirreniar Itsasoaren ertzean dagoena. 13.595 km2 eta 5.690.431 biztanle (1985). Hiriburua: Napoli (1.223.659 biztanle). Campania lurraldeak Avellino, Benevento, Caserta, Napoli eta Salerno herrialdeak hartzen ditu. Hiri nagusiak: Napoli, Salerno, Avellino, Benevento, Caserta. Biztanle dentsitatea Italiako gorena bada ere, ez dago Campaniako herrialde guztietan berdin banatua. v Orografia. Kostaldeko ordokien artean (Napoli, Paestum) altxatzen da Vesuvioko sumendia. Hegoaldean Sorrentoko penintsula dago. Barnealdea menditsua da (Matese, Cilento). Ibai nagusiak Garigliano, Volturno eta Sele dira. v Ekonomia. Abeltzaintza eta baso ustiapena dira barnealdeko ekonomia jarduera nagusiak. Apenino mendietako ordokia oso emankorra da: laboreak, fruitu arbolak, mahastiak, olibondoak eta barazkiak lantzen dira bertan. Italia hegoaldeko industria eskualderik handiena da Campania: altzairugintza, ontziolak, petrolio findegiak (Napoli eta Salernoko hirialdeetan batez ere). Turismoak garrantzi handia du (Napoli, Vesuvio, Capri, Ponpeia, Herculanum eta Paestum).    v  Historia. Oskoak eta ausoniarrak bizi ziren antzina herri hartan. K.a. VIII. mendetik aurrera Greziaren kolonia izan zen (Cumes, Paestum, Parthenope-Napoli, Pozzuoli hiriak sortu zituzten) eta etruriarrak nagusitu ziren ondoren (Herculanum eta Ponpeia hiriak hartu zituzten eta Capua sortu zuten). Samnitek konkistatu zuten K.a. V. mendean eta erromatarrek kolonizatu K.a. 300. urte aldera. Erromatar Inperioa deuseztatu zenean ostrogodoen, bizantziarren, lonbardiarren eta normandiarren eskuetan egon zen. XII. mendetik aurrera, Campaniako historia Siziliako eta Napoliko erresumarekin lotua egon zen. 1860. urtetik aurrera, Italiako lurraldea izan da Campania.