Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Calleja, Seve

Bizkaitar idazlea (Zamora, 1953). Hizkuntza eta Literatura irakaslea da Bilboko institutu batean. Poesia eta helduentzako ipuinak idatziz eman zituen lehen urratsak literaturaren munduan. Geroztik, baina, haur eta gazte literatura landu du gehienbat, bai sortzaile moduan, bai kritikari edo ikerlari moduan. Hainbat hedabidetan kolaboratzen du, hala nola Bilbao, Platero, CLIJ, eta Peonza aldizkaritan, eta Euskadi Irratian, besteak beste. Gainera, Zurgai poesia aldizkariko erredakzio batzordeko kidea da. Haur literaturari buruzko ikerlanen artean aipagarriak dira La literatura infantil vasca: estudio histórico de los libros infantiles en euskara (1988), Todo está en los cuentos: propuesta de lectura y escritura (1991), Haur literatura euskaraz: lehenengo irakurgaietatik 1986 arte (1994) eta Zer irakurri hura ikasi (1995). Sorkuntzari dagokionez, gaztelaniaz zein euskaraz idazten du: Bazen behin marinel bat (1986), Hain da triste la vie de touriste (1986), Dado iratxoa (1986), Beheko eskola, goiko eskola (1987), Los ayunos de la reina Ester (1990), Herri ibiltari bat: ijitoak (1993), Isu, haginik ez zuen marraxua (1993), Esklabo zoriontsuen uhartea (1998), Ipuinen lantegia (1999), Cuentos del tren (2002), Aquiles y la tortuga (2004), Hasta aquí nunca llegan los gatos (2005), eta El billete de un millón (2008).