Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Callahan, Harry

Estatubatuar argazkilaria (Detroit, Michigan, 1912 - Atlanta, 1999). Aita eta ama nekazariak zituen, eta berak ingeniaritza ikasketak egin zituen Detroiteko Chrysler etxean. 1936an Eleanorrekin ezkondu zen; emazteak garrantzizko lekua izan zuen Callahanen obraren barruan. 1938. urtetik aurrera amateur moduan hasi zen argazkiak ateratzen. Ansel Adamsen hitzaldi batek, bestalde, horrenbesteko eragina izan zuen harengan, ezen erabaki baitzuen argazkilaritzari ekitea buru-belarri. Une horretatik aurrera bere bizitza sormenari eta irakaskuntzari eskaini zion, Chicagon lehenbizi eta Providencen ondoren. Bere lanetan hiriko ikuspegiak, paisaia abstraktuak eta barrualdeak, Eleanor emaztea biluzik zela, erakusten zituen. Lasaitasun bera atzematen da bere biluzietan eta bere paisaietan. Belarrekin ikur abstraktuak erakusten zituen, eta biluzia lerro bakar batera mugatzen zen. Geroago, 1977an, kolorea erabiltzen hasi zen eta hura izan zen berrikuntza nagusia. Bakarkako lehenengo erakusketa 1946an egin zuen. Horrez gainera, New Yorkeko Arte Modernoko Museoan (1976) eta Veneziako Bi Urtekoan (1978) egin zituen erakusketak.