Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Callas, Maria

(Maria Kalogeropoulos, Maria Callas deitua). Greziar opera kantaria (New York, 1923 - Paris, 1977). Sopranoa zen. Atenasen hasi bazen ere (1938), benetako musika karrerari Italian ekin zion 1947an. Milango Scalan, Hego Ameriketan, Londresen eta New Yorken arrakasta handia lortu zuen. Opera kantari handienen mailaraino iritsi zen. Soprano bikaina eta paregabeko tragedia antzezlaria zen eta Italiako operak (Norma, Traviata, Tosca, Sevillako Bizargina, Rigoletto, etab.) sekula izan duen kantari hoberena izan zen. Zineman, Medea kantatu zuen Pasoliniren zuzendaritzapean.