Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cabarrús, Francisco

Espainiako ministroa eta finantza gizona (Baiona, 1752 - Sevilla, 1810). Karlos III.aren erreforma politikan esku hartu zuen eta San Carlos bankua sortu zuen (1782). Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiako akziodun zelarik, konpainia hura deuseztatu eta Asiarekiko merkataritzan arituko zen beste konpainia bat sortzea proposatu zuen 1784an. Handik urte betera hogeita bost urtez Asiarekiko merkataritzaren monopolioa izan zuen Filipinetako Konpainia sortu zen. 1789. urtean konde titulua eskuratu zuen. Ideia entziklopedisten aldekoa zen. Bere etsaiek Inkisizioaren aurrean salatu zuten eta bi urtez egon zen kartzelan (1790-1792), Godoy-k askatu zuen arte. 1797. urtean, Espainiaren ordezkari ahaldun izendatu zuten Europako bake bilkuretan. 1798. urtean Finantza Batzordeko buru izendatu zuten eta, Espainiako ekonomiaren krisia gainditzearren, eliz ondasunen desamortizazio prozesua bizkortu zuen. 1800. urtean, gortetik urrundu zuten beste frantseszale asko bezala eta 1808an Fernando VII.ak politikan aritzeko baimena eman zion. Handik hilabete gutxira, Josef Bonaparteren gobernuko Finantza idazkaria izan zen.