Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cabarrús, Teresa

(Madame Tallien deitua) 1789. urteko Frantziako Iraultzako heroia (Madril, 1773 - Chimay, Belgika, 1835). Francisco Cabarrús Baionako finantzari ospetsuaren alaba zen. Hasieran Frantziako Iraultzaren alde agertu bazen ere, Izu Handiaren garaian beldurtu, Frantziatik alde egiten hasi eta Espainiarantz zihoala preso hartu zuten Bordelen. Kartzelan Jean Lambert Tallien herri komisarioarekin maitemindu eta berarekin ezkondu zen. Robespierreren agintaldia bukatu zenean (Thermidor 9), Frantziako emakume ospetsuenetakoa izatera iritsi zen; herriak Notre Dame de Thermidor izenaz ezagutzen zuen eta bere ikuspegi moderatuak eragin handia izan zuen Konbentzioko eta Direktorioko garaian. 1805ean Belgikako Chimayko printzearekin ezkondu zen.