Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cabeza de Vaca, Alvar Nuñez

Espainiar konkistatzailea (Jerez de la Frontera, 1500 - Sevilla, 1560). Pánfilo de Narváez kolonizatzaileak Kubatik Ipar Ameriketara gidatu zuen zorigaiztoko bidalditik bizirik atera zen bakarretakoa izan zen (1528-1529) eta egungo Mississippin, Arkansasen, Coloradon, Mexiko Berrian, Arizonan eta Kalifornian zortzi urte luzetan nora gabe ibili ondoren Mexikora iritsi zen (1536). Espainiako erregeak Rio de la Platako gobernadore izendatu ondoren (1540), lurralde hartara joateko itsasoratu eta Paraguain ibilitako lehen espainiarra izan zen. Brasil hegoaldeko oihanak ibili eta Iguazuko ur-jauziak aurkitu zituen. Bere mende zituenak gupidarik gabe zigortzen zituen agintari gogorra zenez, 1544. urtean espainiarrek agintetik kendu eta preso hartu zuten. Urtebete espetxean pasa ondoren, Espainiara bidali zuten. Epaiketa egin eta Oranera erbesteratu zuten. Zortzi urteren buruan erregeak barkatu eta Sevillako epaitegi goreneko partaide izendatu zuen.