Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caballero Bonald, José Manuel

Espainiar poeta, nobelista eta saiakera idazlea (Jerez de la Frontera, Cádiz, 1926). Literaturgintza eta irakaskuntza elkarri uztartuta ibili izan da. Kolonbian, Frantzian eta beste hainbat herritako unibertsitateetan literatura irakasle izan da, eta hainbat sari jasoa da poesia eta eleberri ataletan (Poesiako Boscán saria, Biblioteca Breve izenekoa, eta hiru bider Espainiako Kritikaren saria). 1948an hasi zuen bere ibilbide poetikoa, Poesías (Poesiak) obrarekin. 1952an plazaratu zuen lehen poema liburua, Las adivinaciones (Asmakizunak). Horren segidan etorri ziren Memorias de poco tiempo (1954, Denbora gutxiren oroimena), Anteo (1956), Las horas muertas (1959, Ordu hilak) eta Pliegos de cordel (1963, Lokarridun orriak). Vivir para contarlo (1969, Ezagutarazteko bizi) liburuan bildu zituen aurrez aipatutakoak. Poesia sinbolikoa eta intimista da, bere garaiko gizartearekiko adostasunik eza erakusten duena. Hizkera aberatsa darabil, barrokismoa eta herri hizkuntza bateratuz. 1950eko belaunaldi poetikoko kide da, Valverde, Ángel González, Gil de Biedma, Barral, Claudio Rodríguez eta beste hainbatekin batera. 1984an Laberinto de fortuna (Zortearen labirintoa) kaleratu zuen, eta handik urte batzuetara Diario de Argónida (1997, Argonidaren egunkaria). Eleberrigintzan hasi zelarik, 1961ean Biblioteca Breve saria eman zioten Dos días de setiembre (Iraileko bi egun) liburuagatik. Errealismo sozial kutsu nabarmena du nobela honek, eta Andaluziako herri batean aberatsen eta nekazari txiroen arteko ezberdintasunak ditu oinarritzat. Agata ojo de gato (1974, Agata katu-begi) idatzi zuen ondoren, errealismo magikoaren mugetan dabilena. Tiempo de guerras perdidasek (1995, Gerra galduen garaia) –Oroimenaren eleberria jarri zion azpititulutzat– kutsu autobiografikoa du. Saiakera libururik ere idatzi izan du Caballero Bonaldek, hainbat gairen ingurukoak: Breviario del vino (1980, Ardoaren esku-liburua), Narrativa cubana de la revolución (1968, Iraultza garaiko Kubako narratiba), Luces y sombras del flamenco (1975, Flamenkoaren argiak eta itzalak), Sevilla en tiempos de Cervantes (1991, Sevilla Cervantesen garaian).