Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caan, James

Estatubatuar antzezlea (New York, 1939). Antzerkigintzan hasi zen 1950eko hamarkadaren amaieran, konpainia ibiltari batean lehenbizi, eta Broadwayn ondoren. Billy Wilder-en aginduetara egin zuen lehenbiziko filma, Irma la Douce (1963), baina Howard Hawksen eskutik etorri zitzaizkion benetako aukerak, Arriskua...7000 lerroa (1965), eta, batez ere, El Dorado (1967) filmei esker. Francis Ford Coppolak eman zion lehen paper handia: Euria ari du nire bihotzean (1968). Zuzendari berari zor dio bere paperik ezagunena, Aitajauna (1972-74) filmean egin zuena, Santino “Sonny” Corleone odolberoarena. Oscar sarietarako izendatu zuten film horretan egindako lanagatik, bigarren mailako antzezle hoberenaren atalean. Kirolzale amorratua da, eta Norman Jewinsonen Rollerball (1975) eta urte berean Sam Peckimpahren aginduetara egindako Krimenaren aristokratak filmetan erakutsi zuen zaletasun hori. Film intimistak ere egin zituen: The Gambler eta T.R. Baskin, Karel Reisz eta Herbert Rossen aginduetara. Azken horrekin egin zuen Funny Lady ere (1975). Mark Rydell izan zuen beste zuzendari gogokoenetakoa, eta harekin egin zituen Gauerdira arte maitatzeko baimena (1973) eta Harry eta Walter New Yorkera doaz. Mel Brooksen Azken Erokeria eta Claude Lelouchen Beste gizon bat, beste emakume bat eta beste hainbat film egin ondoren, gainbehera hasi zen Caanen karrera 80ko hamarraldian. Salbuespenik ere badu garai horretan: Badator zaldun aske eta basati hori (1978), Alan J. Pakularen aginduetara egindako beranduko western ederra. Zuzendaritza lanetan hasita -Hide in plain sight (1980)-, porrot egin zuen, eta okerrera egin zuten J. Caanen droga eta alkoholzaletasunek. Francis Ford Coppola adiskideak eman zion zinemara itzultzeko aukera 1987an, Harrizko lorategiaken protagonista papera eskainiz. Hortxe hasi zuen “bigarren loraldia”, eta beste lagun zahar batek, Mark Rydellek, Atzo, gaur eta beti (1991) egiteko aukera eman zion. Misery du azken urteetako film ezagunenetakoa. 1998an Philip Marlowe detektibe mitikoarena egin zuen Poodle Springsen, Bob Rafelsonen aginduetara.