Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Blanco, Miguel Ángel

Espainiar politikaria (Ermua, 1968 - Lasarte, 1997). Partido Popular alderdikoa. Familia galiziarra zuen, Euskal Herrira lan bila etorria. Enpresa zientzietan lizentziaduna zen, baina igeltsero lanetan aritu zen gehienbat. 1995. urtean egin zen Partido Popular alderdiko kide; urte bereko udal hauteskundeetan, Euskal Herriko Partido Popular alderdiak hautagai gutxi baitzuen, hirugarren joan zen bere herriko zerrendan, eta, hala, zinegotzi irten zen. 1997ko uztailaren 10ean ETAk bahitu egin zuen, hilko zuela mehatxu eginez, baldin eta Espainiako Barne ministerioak ez bazituen ETAko preso guztiak Euskal Herrira biltzen uztailaren 12ko arratsaldeko laurak baino lehen. Eskakizuna bete ez zelarik, eta Blancoren alde Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo egin ziren manifestazio jendetsuei jaramonik egin gabe, ETAk esan bezala hil zuen. Hilketa honek oso kritika gogorrak izan zituen, Euskal Herrian eta Espainian ez ezik, baita Europan ere.