Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bilbao Azkarreta, Jon

Euskal gaien ikertzaile eta bibliografoa (Cayey, Puerto Rico, 1914 - Gasteiz, 1994). Bilbon egin zituen batxiler ikasketak. Filosofia eta Letrak ari zen ikasten Madrilen Gerra Zibila hasi zen. Eusko Gudarosteko ofizial zenez, Bilbo frankistek hartu zutenean (1937ko ekaina), Puerto Ricora itzuli zen eta handik Estatu Batuetara jo zuen. Ikasketak bukatu ondoren irakaskuntzan hasi zen lanean, ikerlanak inoiz ere aldera utzi gabe. Bere lan nagusia den Euskal Bibliografia (1960rako idatzia,1968-1975 urteetan argitaratua) delakoan euskal gai guztiei buruz idatziriko lan asko eta asko bildu ditu; Euskal Herriak duen bibliografiarik oparoena da inondik ere. Geroztik ere agertu da aipaturiko bibliografia horien eranskinik. 2000. urteko urtarrilean, Jon Bilbaok bere bizitzan zehar osatu zuen liburutegi aberatsa Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi zuen haren oinordeko Amale Bilbaok. Euskal gaien inguruko bibliografia ofizial baten faltan, Jon Bilbaok osatu zuena inoiz egin den garrantzitsuena esan daiteke. Beste dokumentu garrantzitsu askorekin batera, ondare bibliografiko hori Foru Aldundiaren eskuetan jarri zuten. Jon Bilbaoren euskal gaiei buruzko bibliografia –edozein ikerketa lanerako ezinbesteko tresna–, 100 milioi pezetatan baloratu zuten, eta ikertzailea 1994an hil ondoren atzerriko hainbat unibertsitate agertu zen hori erosteko prest. Amaitu gabe zegoela eta, Amale Bilbaok nahiago izan zuen lan hori Bizkaian uztea, gorde, osatu eta ikertzaileen eskura jarriko dutela bermatu ondoren. Berrogeita hamar urteko lanaren emaitza da Jon Bilbaok egin zuen Eusko Bibliographia, 300.000 erregistroz osatutako lan erraldoia.