Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barriola Aizpurua, Juan Abelino

Euskal antzerkigilea (Donostia, 1885 - Paue, 1944). Bizibidez merkataria, Donostiako zinegotzia izan zen. Abelinoren eta beste zenbaiten ekimenari zor dio Donostiak ura Artikutzatik ekartzea, bai eta euskal antzertian hain garrantzitsua izan den «Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola» edo «Escuela de Lengua y Declamación Euskaras» delakoaren sorrera (1915). Haren antzerti lan batzuk: Meza berriya (1909), ekitaldi bakarrekoa, 1908ko Eibarko Euskal Jaietan saritua; Aldiz, aldiz (1910), ekitaldi batekoa, 1910eko Azkoitiko Lore Jokoetan saritua; Zulo madarikatuak (1911), bi ekitaldiko antzezlana; Zori gaiztoko eguna (1911), zartzuela, Jose Olaizolaren musikarekin; Lagun txar bat hiru ekitaldiko drama, 1912ko Donostiako Lore Jokoetan saritua eta 1916an antzeztua; Gai dagoenaren indarra (1934), ekitaldi batekoa, 1915ean lehen aldiz emana eta Lagun txar batekin batera egile hau gehien famatu duena; Maitasunak, hiru ekitaldikoa, eta 1923an lehen aldiz antzeztua; Goi-argi (1935). Halaber, bi bakarrizketa egin zuen: Brokoliyo eta Zozoarro. Gerra hastean Frantziara ihes egin behar izan zuen, eta Pauen, Biarnoko hiriburuan, hil zen.