Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bandrés, Juan María

Gipuzkoar abokatu eta politikaria (Donostia, 1932). Euskal erakunde abertzaleen abokatua 1968tik aurrera (Burgosko auzian hartu zuen parte), 1977tik aurrera Euskadiko Ezkerrako kide izan da eta urte hartan bertan senatari aukeratu zuten Gipuzkoan. Autonomiaren aurreko Euskal Kontseilu Nagusiko Garraio Kontseilaria (1978-1979) eta diputatua Madrilgo Gorteetan 1979ko uztailean, Autonomia Estatutuaren alde agertu zen, bere alderdiarekin batean. 1982an Euskadiko Ezkerrako lehendakari, ETA politiko-militarra (VII. batzarrea) erakunde armatuaren negoziazio bidezko irteera bultzatu zuen eta akordio batzuk izenpetu zituen xede horretan Espainiako Barne Ministro zen Rosón-ekin. 1986ko hauteskunde autonomikoetan iritsi zuen Euskadiko Ezkerrak bere gorena eta, honez gainera, diputatu aukeratu zuten Bandrés Europako Parlamenturako; ETAren bortxazko ekintzen gaitzesle nagusietakoa bihurtu zen. 1989an diputatu Europako Parlamentuan berriz ere, Bandrés-ek garai batean zuen lehentasuna galdu du, ordea, azken honetan; Euskadiko Ezkerraren garrantzi politikoa ahuldu denean, alderdiko bi joera nagusien arteko konponbiderik ezin izan du aurkitu. 1991ko udazkenean Euskadiko Ezkerraren banaketa gauzatu zenean, Bandrés Euskadiko Ezkerrean joera ofizialaren alde azaldu zen. Eritasun larri baten ondorioz, erabat utzi ditu azken urteotan politikagintza eta agerpen publikoak. Hala ere, maiz hartu du parte gogorkeriaren eta ETAren aurkako ekitaldietan.