Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bandura, Albert

Kanadar psikologoa (1925). 1949an Columbia Britainiarreko Unibertsitatean graduatu ondoren, psikologia klinikoko ikasketak egin zituen Iowa-ko Unibertsitatean, eta gero Wichita eta Stanford-era joan zen. Ikasbide sozialaren arloan garrantzi handiko teorizatzaile eta esperimentatzailea da. Haurren munduko erasoen zergatiek erakarri dute batez ere, eta datu ugari eskaini ditu eraso hauek barruko emozio eta indarren adierazpen patologikoa eta, gainerako aukerek porrot egitean, erasotzaileak berak nahi duena lortzeko bidea direla defenditzen dutenen argudioak ezeztatuz. Frustazioaren eta erasoen artean lotura bat zegoela (Dollar eta Miller-en teoria) uste zuten psikologoei ere aurre egin zien. Bere idazlan garrantzitsuenak dira: Handbook of Socialization Theory and Research (1969; Sozializazio teoria eta ikerketen gidaliburua); The Control of Aggression (1973; Erasoaren kontrola); Aggression: A Social Learning Analysis (1973; Erasoa: ikasbide sozialetik eginiko analisia); Ikasbide sozialari buruzko teoria (1977); Jokabide aldaketaren oinarriak (1983) eta Social Foundations of Thought and Action (1985; Pentsamenduaren eta ekintzaren oinarri sozialak).