Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bandres Unanue, Luis

Gipuzkoar irakasle eta politikaria (Pasaia, 1944). 1965ean Industria Peritu titulua lortu zuen, Ingeniari titulua, 1970ean, eta Industria Ingeniaritzako Doktore gradua, 1976an. 1965etik aurrera zientzia eta teknika gaiak irakatsi ditu, hala euskaraz nola erdaraz, hainbat ikastegitan. Ingeniaritza elektronikoko katedraduna da 1991. urteaz geroztik. Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetako, Bergarako UNEDeko eta Industria Ingeniaritza Teknikoaren Unibertsitate Eskolako Zuzendaria izan da. Elhuyar zientzia taldeko eta haien aldizkariko kidea izan da, baita Kimika Zientzien Fakultateko Idazkaria ere. EAJ alderdiko kidea da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailburu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintzako Alduna izan da. 1980tik 1985 arte, Eusko Ikaskuntzako Zientzia Saileko lehendakaria; “Ez dok amairu” musika talderen sortzailea eta kidea izan zen taldea desegin arte. Zientzia liburuez gain, bestelako lan hauek ere kaleratu ditu: La causa del Pueblo Vasco. Adaptación de la obra de Fco. X. De Landaburu (1988), Euskal Abertzaletasunaren historia: 1936ra arte (1991), Zientziaren historiografia I: Aurrehistoriatik erdi aroarte (1992), Zientziaren historiografia II: Errenazimendutik XIX. Menderarte (1992) eta Nuestro desafío vasco (1998).