Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aranzadi, Editorial

Legegintzaren alorreko argitaletxea, sorreraz gero bere bezeroei Espainiako legegintzari eta jurisprudentziari buruzko informazio xehea eskaintzea izan duena ezaugarri. Argitaletxearen sortzailea Manuel de Aranzadi izan zen, eta bere xedea zen gai honi buruzko informazio ordenatua eta eguneratua eskaintzea. 1930. urtean Repertorio Cronológico de Legislación y Jurisprudencia (Legegintza eta Jurisprudentziako Errepertorio Kronologikoa) sortu zen horrela, Estatuko Buletin Ofizialeko lege orokor guztiak bildu eta eguneratzeko, aldian-aldian argitaratzen diren buletinen bidez. 1951. urtean Diccionario de Legislación (Legegintzako hiztegia) argitaratu zen, 16 liburukitan; lan hartan jaso zen lehen aldiz Espainian indarrean ziren lege guztien bilduma. Aurrerago osatu zen 1975. urtea bitarteko legegintza bilduma, Nuevo Diccionario de Legislación (Legegintzako Hiztegi Berria) izenburupean, aldaketak eta oharrak barne zituela, eta handik hamar urtera eguneratu zen berriro, kontzeptu eta ordenaziorako irizpide berriak aintzat harturik. Urtean buletin gehigarri bat ere ematen du argitara, indarrean dauden xedapen berriekin. Bestalde, Espainiako konstituzioa onartzearekin batera Epaitegi konstituzionala sortu zelarik, Repertorio Aranzadi del Tribunal Constitucional (Epaitegi konstituzionalaren Aranzadi errepertorioa) hasi ziren kaleratzen, epaitegi horrek emandako epaiak eta zenbait erabaki bildurik. Autonomiak sortu ondoren, eta lurralde antolaketa berriaren eraginez sorturiko aniztasunaren aurrean nolabaiteko sistematizazioa lortzearren, erkidego bakoitzeko lege nagusiak bildu ziren erkidegoen errepertorioan, eta orobat egin zen 1986an Espainia Europako Erkidegoan sartu zenean Europako legediarekin; Repertorio de Legislación de las Comunidades Europeas (Europako Erkidegoen Legedia) argitaratu zen 1986an eta 1994an Europar Batasuneko Legedia obrak hartu zuen haren lekua.