Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aranzadi eta Unamuno, Telesforo

Euskal antropologoa (Bergara, 1860 - Bartzelona, 1945). Farmazia ikasketak egin zituen Madrilen eta 1882an doktoradotza lortu zuen; gero, 1889an, Natur Zientzietakoa. Bitartean antropologiaz zaletzen hasia zen. Arlo honek haren bizitzaren ardura nagusia beretu zuen, beste eremu askotan lan egin bazuen ere: marrazkigintza, musika, etnologia, paleontologia, etab. 1891. urtean, hogeita hamaika urte zituela, Parisko Antropologia Elkarteak saritu zuen El pueblo euskalduna lanarengatik, euskal arrazari buruz ikuspegi antropologikotik egindako lehen ikerlanetakoa, hain zuzen. 1895ean Granadako Unibertsitatearen Farmazia Fakultateko Mineralogia eta Zoologia katedra eskuratu zuen. 1899an Bartzelonako Farmazia Fakultateko Botanika katedra lortu zuen, eta behin betiko egoitza bertan finkatu. 1917an Bartzelonako Unibertsitateak Antropologia katedra ezarri zuen, eta Aranzadi hautagai bakarra izendatu. 1905. urtetik aurrera Euskal Herriko leze, harrespil eta trikuharriak aztertzeari ekin zion. 1917an bera baino hogeita hamar urte gazteago zen Jose Migel Barandiaran ezagutu zuen, eta Egurenekin batean Aralarko trikuharriak ikertu zituzten hiruek. Aralarren eta Euskal Herrian barrena egindako lanen lehen emaitzak 1921eko Eusko-Folklore Urtekaria agerkarian plazaratu ziren europar etnologoen laudorioak bilduz. Hogei urteko azterlanaren bidez antropologi eta paleontologi datu garrantzitsu ugari bildu zuen Aranzadik. Hego Euskal Herri osoan egindako bilketa lanez gain, Iberiar Penintsulako geografian zehar ere lan asko egin zuen (Katalunia, Sierra Nevada, etab.). Bere indusketa lanak berak bakarrik edota lankide batzuekin —Ansoleaga, Eguren, Barandiaran, etab.— egiten bazituen ere, nabarmentzekoa da Luis de Hoyos Sáinz irakaslearen lankidetza. Antropologia, Etnologia edo Natur Zientzien alorreko Elkarte askotako kide izan zen: Moskuko Historia Natural, Antropologia eta Etnografiaren Adiskideak (1910); Portugaleko Antropologia eta Etnografia Elkartea (1919); Erromako Antropologia Elkartea (1921); Madrilgo Real Academia de la Historia (1924); Berlingo Instituto Arkeologikoa, etab. Europan egiten ziren topaketetan esku hartu ohi zuen. 1936. urtean bere aurkikunde garrantzitsuenetakoa egin zuen: Euskal Herrian ordura arte inoiz aurkitu izan zen burezur zaharrena, hain zuzen. Itziarren eginiko aurkikunde honek Madeleine Arora arte eraman zuen euskal arrazaren antzinatasuna. Gerra piztutakoan Bartzelonara itzuli zen eta bertan hil zen, 85 urterekin.  v  Espasa Entziklopediako lankidea, Natur Zientziak eta Antropologia sailetan esku hartu zuen. Europako hizkuntza nagusiak ezagutzen zituenez, G. Humboldt, Frizzi, Haberlandt eta beste zenbaiten lanak itzuli zituen. Antropologia (antropometria, kraneologia, etab.), etnografia eta geografia alorreko lan ugari argitaratu zuen atzerriko zein Espainiako aldizkari espezializatuetan. Bertako aldizkarietan ere artikulu asko argitaratu zuen, «RIEV», «Euskalerria», «Euskalerriaren alde», «Yakintza», «Hermes», etabarretan.