Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Álvarez, Luis Walter

Estatubatuar fisikaria (San Francisco, Kalifornia, 1911 - Berkeley, Kalifornia, 1988). Álvarezi 1968ko Fisikako Nobel saria eman zioten, oinarrizko partikulen arloan egindako lanagatik eta, bereziki, erresonantzia partikulak aurkitzeagatik. Chicagoko Unibertsitatean ikasi zuen, eta Berkeleykoan ekin zion irakasteari. 1940tik 1943ra, Massachusettseko Teknologia Institutuan lan egin zuen, eta, 1944tik 1945 arte, Los Alamosko Laborategi Zientifikoan. Álvarez mikrouhinezko seinaleak, radarrezko antena linealak, lurretik kontrolatutako lurreratzeko hurbiltze sistema eta radar bidezko bonbaketa sistema bat sortzeko taldeetan aritu zen. Inplosio erako atomo bonba detonatzeko teknika ere iradoki zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, lehen protoi azeleragailu linealaren eraikitzaileetako bat izan zen Álvarez, eta berak sortu zuen hidrogeno likidozko burbuila ganbera, partikula azpiatomikoak eta haien erantzunak detektatzeko.