Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alvarez Enparantza, Jose Luis

(“Txillardegi” deitua). Gipuzkoar idazle eta politikaria (Donostia, 1929). 1999an Putzu eleberria argitaratu zuen, II. Karlistaldian girotua. Liburu hori izan zen, hain zuzen, 1999ko Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen azokan, literaturaren alorrean, gehien saldu zenetako bat. 70 urte betetzen zituela eta, 1999an hainbat omenaldi jaso zituen. Besteak beste, ale berezia eskaini zion Jakin aldizkariak, eta Udako Euskal Unibertsitateak ere Txillardegi lagun giroan omenezko liburua aurkeztu zuen. Pilartxo Etxeberriak koordinaturiko liburu honek 30 artikulu dakartza, gai oso desberdinez. Besteak beste, Koldo Izagirre, Laura Mintegi, Joxe Azurmendi, Imanol Esnaola, Joseba Felix Tobar-Arbulu eta Xabier Mendiguren Elizegiren artikuluak eskaintzen dira bertan. Bere jardueraren gainerako alorretan ere aurrera egin du Txillardegik azken urteotan. EHUko irakasle emeritua da; ez du erabat eten irakaskuntzarekin duen harremana eta, bereziki landu duen soziolinguistikaren esparruan, 2000. urtean eratu zen Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen –SEI– elkarteko presidente izendatu zuten. Ibilbide politikoari dagokionez, 2000. urtean kritikak egin zizkion Txillardegik ETAren jarduera armatuari, eta Lizarrako Itunaren espiritua berrindartu behar zela azpimarratu zuen. Hala, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuen (2002), baina 2007an alderdia uztea erabaki zuen, Aralarrek ETAren biktimen aldeko ekitaldi ofizial batean parte hartu zuenean. Azken urteotan argitaratu dituen lanik aipagarrienak dira: Euskaren aldeko borrokan saiakera (2004), Santa Klara, gure uharte ezezaguna (2004), eta Labartzari agur eleberria (2005).