Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alexander, Lloyd

Estatubatuar idazlea (Filadelfia, Pennsylvania, 1924). Alexanderrek ospe handia irabazi du fantasia generoan. Frantziako Sorbonan ikasi zuen. And Let the Credit Go (1955) liburuak ekarri zion fama. Gero, haurrentzat hasi zen idazten, eta Time Cat: The Remarkable Journeys of Jason and Gareth argitaratu zuen. 1964an, The Book of Three (Hiruko Liburua) obraz, bost liburuko sailari ekin zion, non Taran zerrizaina Prydain erresumako buru bihurtzen baita. Sail horretako beste liburuak: The Black Cauldron (1965, Pertz Beltza), The High King (1968, Goiko Erregea), The Castle of Llyr (1966, Llyr-ko Gaztelua) eta Taran Wanderer (1967, Taran Ibiltaria). Disneyren The Black Cauldron (1985, Pertz Beltza) film ezaguna obra horietan oinarritu zen. Alexanderrena da Westmark trilogia ere: Westmark (1981, Westmark), The Kestrel (1982, Belatz Gorria) eta The Beggar Queen (1984, Erregina Eskalea), demokrazia, askatasuna, ustelkeria eta antzeko gaiak lantzen dituztenak. Harenak dira, orobat, The Marvelous Misadventures of Sebastian (1970, Sebastianen Zorigaitz Zoragarriak), The First Two Lives of Lukas-Kasha (1978, Lukas-Kasharen Lehen Bi Bizitzak), The Illyrian Adventure (1986, Iliriako Abentura), The Drackenberg Adventure (1988, Drackenberg-eko Abentura) eta Fortune Tellers (1992, Asmaginak). Alexanderrek sari asko jaso du: Liburuaren Nazio Saria (1971), Liburuaren Amerikar saria (1982), Austriako Haur Liburuen Saria (1984), Regina domina (1986) eta Bostongo Globe-Horn saria (1993).