Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Achebe, Chinua

Nigeriar eleberrigile eta poeta (Ogidi, Onitshako eskualdea, 1930). Bizimodu modernoak afrikako kultura tradizionalean izan duen eraginari buruzko gogoeta egiten du bere nobeletan. Ingelesez idatzi du beti, eta ibo herriaren bizimodua eta gizartea deskribatu ditu, britainiarren lege kolonialekiko eta mendebaldeko kulturaren zapalkuntzarekiko etengabeko borrokan. Bere lehen nobelarekin, Things Fall Apart (1958, Gauzak gainbehera datoz) ospe handia iritsi zuen nazioartean, eta hor darabilen gaia da, funtsean, bere obra osoan garatu duena. The Arrow of God (1964, Jainkoaren gezia) eta A Man of the People (1966, Herriko gizona) nobeletan ere, usadiozko kulturaren eta iboen hizkuntzaren arazoak darabiltza, sentimentalkeriarik gabe eta ironiaz, ordea. Girls at War (1972, Neskak borrokan) liburuak historia laburrak biltzen ditu. Anthills of the Savannah (1987, Sabanako inurritegiak) da bere azken nobela. Poesia ere idatzi izan du, esate baterako, Christmas in Biafra (1973, Eguberriak Biafran) eta baita saiakera liburu bat ere, Morning Yet on Creation Day (1975, Munduaren sortze eguneko goiza zen oraindik). 1971. urtetik aurrera Afrikako literatura aldizkari garrantzitsuenetakoa den Okike aldizkariaren argitaratze lanetan ibili da.